XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hirugarren horma zeharkatzen ari nintzen, zer pentsatu ez nekien eta ezer ere ez pentsatzeko erabakiari gogor eutsi nion.

Neure burua kontsolatu nahian hirugarrenean beti aurkitzen dela garaipena dioen esaeraz gogoratu nintzen eta baita honetan sinetsi ere.

Aurreko bien luzerarekin konparatuz erdikaldean nengoelako ustea nuen eta iltze erdoildu bat besterik ez nuen aurkitu, gogaikarria benetan.

Dagoeneko etzanda, arrastaka ez banengoen ere belaunen gainean mugitzen nintzen, gosea ere dagoeneko sentitzen hasi nintzen eta egarria sentitzeko kapaz ere banintzen, eta arraro egiten zait izan ere horrenbeste kezkaren artean gose-egarriak erraz ahazten bait dira.

Oraingoan erpina aurkitzea ez zen ilusio bat, ez nuen aurkitu nahi horrek laugarren parte bakarra geratzen zela esan nahi bait zuen eta ate, leihorik aurkitzeko probabilitatea gutxitzen.

Neure bizitza osoa han eman behar al nuen, edo beste era batera esanez, han amaituko al zen nire zoritxarreko bizitza hura?.

Ez, ezin nuen heriotzean pentsatu, horrek zeharo esperantza galdurik nengoela adierazten bait zuen eta hura zen hain zuzen batzuek dioten bezala galtzen den azkenengo gauza.

Esaera hori nahiko zalantzan jarria nuen dagoeneko.

Esku ahula pareta zeharkatzen zebilen eta material latzago batekin topo egin nuen, bai zerbait zegoen, egurra zirudien, beraz... ateren bat izan zitekeen! bai noski, ate batek egon behar zuen, ni han barruan egotearen esplikazioa aterik gabe ez bait zen sinisgarria.

Azkenean! Bihotzaren taupadak azkartu egin zitzaizkidan, ezin sinets nezakeen, guztiz galdutzat nuen neure burua eta azkenik bakardade eta iluntasun hartatik ihes egiteko bide aproposa edo bakarra aurkitu nuen ATEA.

Irekita ote zegoen, itxirik bazen hau nire atsekabea, baina nolanahi ere botako nukeen behera, nahiz eta zaila izan, ezerk ez ninduen gera araziko pasa nuena pasa eta gero.

Zerbait ikusteko gogoa nuen, airea sentitzeko irrika, haizea nire ilearekin jolasean sentitzeko grina, bizitza gozatzeko desioa.